PATXI ZUBIZARRETA, iritzia: Fruitu desiragarriak

PATXI ZUBIZARRETA, iritzia: Fruitu desiragarriak

joria, oparoa, erakargarria dugu egungo euskal literatura. Hala ere, batzuetan liburutegien antzekoa gerta daiteke: solemnea, zurruna, urruna. Baina hona New Yorkeko liburutegi nagusiko zuzendari Paul Holdengräberren esana: “Hautsa kendurik, grisa baztertu, eta kolorez bete beharko genituzke, alaitasunez eta zaporez, afrodisiakoak gerta daitezen”.

Aukera bikaina dugu orain letra afrodisiakoak dastatzeko. Milan Kunderak zioen nazio txikiek bestelako Europa osatzen dutela, bertan kultura esku-eskura egoteaz gain, harrigarria eta zirraragarria izan ohi dela. “Une gorenetan, nazio txiki batek antzinako Greziako hiri bat ekar lezake gogora”. Eta zer esanik ez kultura plaza bilduago batean kokatzen baldin bada, Aiaraldean oraingoan, eskuragarri bezain erakargarri.

Lagun askoren, arlo askotariko hamaika bidai lagunen lan eskerga eta isilari esker baino ezin dira Jalgi bezalako proiektuak mamitu. Harkaitz Canori irakurria diot literaturaren aterabidea kasik katakonba giroan dabiltzan irakurle klubetako kide finengan dagoela. Baina beste hamaika elkarte eta zaletu ere isil-gordeka ari dira, eta beren lana kasik klandestinitatetik sorturiko fruitu helduen antzera eskaintzen digute.

Gereziak goraipatzen ditu Manuel Rivasek: musu baten bitartez, goizean, maitaleak gerezi bat ahoratu dio emakumeari, eta hark bere egin du gereziaren haragia; beste musu batekin batera, gereziaren hezurra itzuli dio gero, eta maitaleak hezurrarekin hortzen teklatuan musika eginez igaro du eguna; emakumea gauean itzuli delarik, badiotso: “Badut zuretzat zerbait, maite”. Eta ahoan lehen gereziaren hezurra utzi dio. Horra gure asmoa: liburuak fruitu lizun bihurtzea; letrak ahots, kolore eta musika desiragarri bilakatzea.

Ikuskizun dago emaitza, baina halako proposamenekin, betiko literatura eraberrituaren hurbiltasunarekin baietz ikusgarria izan. Jalgi, erdu, zatoz. Eta edonola ere Virginia Wolfek zioen, azken judizioan, liburua besapean daramagun irakurleok ikusirik, Jainkoak san Pedrori inbidiaz esango diola: “Horiek ez dute saririk behar. Irakurtzea gustatzen zitzaien”.