Pantxika Telleria: ““Taula gainera gorputz bat ateratzen duzunean, politikoki zerbait esaten ari zara”

Pantxika Telleria: ““Taula gainera gorputz bat ateratzen duzunean, politikoki zerbait esaten ari zara”

“O

“Oa-huetak” euskarazko proposamen koreografikoa eta musikala da Pantxika Telleriaren Elirale taldearen azken dantza-lana. Bi urtetik gorako umeentzako lan honek hitza, mugimendua eta zuzeneko musika uztartzen ditu. Telleriak haurtzarotik arnastu zuen dantza etxean, eta izebak eta amak euskal dantza tradizionalean hezi zuten arren, gero “beste mundu batzuetara” jauzi egin zuen. Pariseko kontserbatorioan eta Bordelen ikasi zuen dantza garaikidea. Bere sorkuntza azaltzeko orduan, Pantxikak ez ditu etiketak gogoko, eta dantza norberaren bibraziotik sortzen den mugimendua dela uste du.

telleria_pantxika

Argazkia: www.eke.eus

KAZETARIA: Myriam Garzia

Haurtzarotik arnastu duzu dantza etxean bertan, euskal dantzarien familia batean sortu baitzinen.

Bai, nola ez, familiatik badatorkizu karia, askoz ere errazagoa da. Ama eta izeba ditut dantzariak, eta Donibane Lohitzuneko Begiraleak dantza taldean dantzatzen hasi nintzen. Gero, beste mundu batzuetara jauzi egin nuen. Parisen eta Bordelen ikasi nuen dantza garaikidea.

Euskal dantza tradizionaletik edan duzu, baina zure sorkuntza lanetan dantza garaikidearekin nahasten duzu.

Nik ez ditut gauzak horrela sailkatzen, etiketak ez ditut ondo ikusten nire sorkuntza lana azaltzeko. Izan ere, nire ustez, dantza edo mugimendua pertsonaren presentzia justua besterik ez da. Aktoreekin, musikariekin eta beste mota bateko sortzaileekin lan egin dut, eta sortzen diren tresnak tradizionalak edota garaikideak diren edota erabilitako teknikak zeintzuk diren ez du axola. Nik nahiago dut pentsatu gorputzaren presentzia zehatza eta unean unekoa dela dantzaren funtsa. Etiketek salmentarako balio dute eta kazetariek maite dituzue, baina nik ez dut horrela ulertzen nire lana. Niri gehiago interesatzen zait zer esan, zein momentutan eta ikuslearekiko zein lotura sor dezakedan.

Arte bizien beste diziplinetako baliabideak erabiltzea gustuko duzu: hitza, zuzeneko musika, gorputza edo mugimendua… Sorkuntzak eskatzen dizkizun tresna guztiak erabiltzen dituzu?

Hala da. Nire keinu-izateari buruz ikerketa sakon bat egin dut. Askotan gertatu zait, dantza garaikideko dantzari eta interpreteekin lan egiten dudanean, denek esaten didatela ez dutela ondo ulertzen nondik datorren nire mugimendua. Dantza tradizionaletik baino, herri dantzetatik edan dudala esango nuke. Marsellan nengoela, Sardiniako dantzari batekin lan egin nuen, eta biziki interesgarria izan zen, berak ulertzen zuelako nire mugimendua, bera ere, ni bezala, herriko dantzetatik zetorrelako.

Uste dut herri kulturaren afera bat dela. XVIII. mendean, Frantziar Iraultzan, sortzaileak eta diziplinak sailkatu zituzten politikariek, eta herri kutsua eta herri sortzaileak nahita eta nahierara baztertu zituzten, haien dinamikak moztuz. Taula gainera gorputz bat ateratzen duzunean, politikoki zerbait esaten ari zara. Eta, horregatik, nire galdera zera da, estatu frantsesean, zoritxarrez Iparraldean ere, bere menpe baikaude, zein da herri kulturak daukan tokia?

Elirale dantza taldea musika eta dantza lotzen dituen Oa-huetak umeentzako lanarekin dator Aiaraldera.

Une honetan sortzen ari garen lana da, eta Mugalariak Donostia 2016 proiektuaren barruan dago. Amaia Henebutte idazlearen Lodrikoko liburutik abiatu gara, eta gorputza, musika eta hitza erabili ditugu nahi duguna adierazteko. 2007ko pieza bat da berez. Garai hartan bospasei emanaldi eman genituen Euskal Herrian, eta baita Borgoinan eta Bretainian ere. Euskara erabili bagenuen ere, konturatu ginen hizkuntza bera ez dela muga bat. Orain, lan hori berreskuratu dugu hiru interprete berrirekin, Paxkal Irogoyen musikariarekin eta Oihan Indart eta Chloé Sindera dantzariekin batera. Aurreko irailean hasi ginen lanean eta hurrengo irailean burutuko dugu. Jalgira gatoz lana ia bukatuta. Hernanin ere izango gara maiatzean, beraz, hauek izango dira lehen emanaldiak.

Umeekin lan egitea gustuko duzu?

Proposatzen dugun galdera zera da: nola sortzen da dantza ikuslea? Umeekin lan egitera itzuli gara, umeengan ereiten duzuna betirako izan daitekeela iruditzen zaidalako; umeei begietan izar batzuk jartzea bezala da, betirako geratuko dira hor. Amets egiteko beharra daukagu, bai umeek zein helduok, pertsona guztiok.

Kultur transmisioa oinarri oinarrian, beraz.

Hori Elirale taldeak hasiera hasieratik landu duen kontzeptua da. Transmisioarekin eta sentsibilizazioarekin bat ikusten dut nire lana. Lehen aipatzen genuen bezala, herri dinamikari adierazteko hainbeste botere kendu zaio ezen behar beharrezkoa ikusten baitut dinamika hori berreskuratzea eta bere ideiak zabaltzea. Eta hori transmisioaren bidez egiten da. Gure lanaren lagin bat da transmisioa, funtsezkoa. Gure sorkuntzaren hedapenarekin batera doa. Ikuskizuna sortu eta erakutsi egin behar da, noski, baina horrekin batera, lerro pedagogikoa lantzen dugu gure lan guztietan. Gure konpainian pertsona batek propio lantzen du transmisioaren ardatza.

Zein iritzi duzu Jalgi eta antzeko ekimenen gainean?

Biziki inportantea iruditzen zait gure espazioak sortzea eta gure sortzaileak bultzatzea, publikoa ez baita gugana etorriko. Gure dinamika artistikoak lagundu behar ditugu, eta, horretarako, funtsezkoak iruditzen zaizkit ekimen horiek. Ni ez nago merkatuaren kontra, baina dinamika komertzialak ez ditut gustuko. Gauzak etika apur batekin egin behar dira.