Euskal kulturaren plaza nagusi bihurtuko da Aiaraldea maiatzean

Euskal kulturaren plaza nagusi bihurtuko da Aiaraldea maiatzean

p

Plaza, ikusgarritasuna eta transmisioa. Horiek izango dira Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltariaren oinarriak. Eta horiek izango dira beraz, maiatzaren 23tik 29ra Aiaraldean egingo den euskal kulturaren bilgune handiari jarri dizkiogun helburuak: euskal kulturaren ikusgarritasuna lantzea, transmisioari ekarpena egitea eta kulturzale eta sortzaileei plaza gehiago eskaintzea.

jalgi_aiaraldeaJalgiren bueltan Bertsozale elkartea, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea, Ahotsenea eta Euskaltzaleen Topagunea bildu ginen hasieran. Lehenengo ediziorako Aiaraldera jo genuen eta bertan Aiaraldea Komunikazio Lehioa bihurtu da 2016ko lehen edizio honetako eskualdeko eragile nagusia.

Lehen edizio hau Bizkaia eta Arabako 9 udalerrik osatzen duten Aiaraldea eskualdean gauzatuko da, 2016ko udaberrian, Maiatzaren 23tik 29ra hain zuzen ere. Astebetez Laudio, Amurrio, Urduña, Aiara, Orozko, Artziniega, Okondo, Arrankudiaga-Zollo eta Arakaldo bihurtuko dira euskal kulturaren plaza. Egun hauetan, 65 kultur jarduera eta kulturaren komunikazioaren eta transmisioaren inguruko bi eguneko jardunaldia burutuko ditugu, astelehenetik hasi eta igandea bitartean, Aiaraldea osatzen duten bederatzi udalerrietako ohiko eta ez-ohiko formatuetan eta ohiko eta ez-ohiko hartzaileei zuzenduak. Kultur jarduera horiek adierazpide ezberdinekoak izango dira; musika, dantza, ikus-entzunezkoak, bertsoa, literatura, dantza, magia, kontakizuna, arte plastikoak… eta bi modutara garatuko dira, alde batetik, emankizunak izango dira, eta bestetik, kulturaren transmisioa lantzeko ekimenak landuko dira, era guztietako eta norabide guztietarako transmisioa landuko duten ekimenak.

Eta azkenik ,Maiatzaren 28an eta aste emankor horri bukaera emateko egun osoko jaia ospatuko dugu Laudion, egitarau anitza , goizean hasi eta adin guztietako herritarrentzako egitaraua izango da.

Egitaraua apirilean aurkeztuko da, baina askotariko kultur arloak lantzeaz gain, erreferentziazko kultur sortzaileak, amaterrak, Euskal Herriko txoko ezberdinetako kulturgileak eta eskualdekoak batuko direla aurreratu daiteke.

Kultur egitarau askotarikoez gain, jardunaldiak ere antolatuko ditugu Amurrion aste horretan, maiatzaren 26 eta 27an. Guztira 22 ponentzia aurkeztuko dira, hala nola, Unibertsitateak, hedabide publiko eta pribatuak, ikerketa arlokoak, kultur arloetako industria sektoreak, hezkuntza arautuak eta ez-arautuan ari diren hezitzaileak, sortzaileak, sortzaileen elkarteak, zaleak… Jardunaldiotan, parte hartzea bermatuko duen metodologiaren bitartez, ekarpen teorikoak eta esperientzia praktikoak uztartuko ditugu, bai komunikazioaren arloan eta baita transmisioan ere.

 

Sustatzaileak

20160317_jalgi-aurkezpenaJalgi euskal kulturaren ekosistema osatzen dugun pertsona eta eragile guztion arteko auzolanetik antolatzeko sortu da, plaza guztion artean egiteko. Aurten Ahotsenea sortzaileen gunea, Euskal Herriko Bertsozale elkartea, EHAZE Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartea, Aiaraldea Komunikazio Leihoa eta Euskaltzaleen Topaguneak abiatu dugu, baina gure bokazioa euskarazko kulturaren ekosistema osatzen dugun guztiok auzolanean egitea da: sortzaileok, antolatzaileok, komunikazioan aritzen garenok, hezitzaileok eta zaleok.

Egitasmo honetara bildu garen eragileak euskal kulturan modu aktiboan parte hartzen dugun bidelagunak gara; sortzaileak, antolatzaileak, ekoizleak, zaleak zein euskal komunitateko kideak. Ez da berria kultur eragileen arteko elkarlana, tradizio handia dago Euskal Herrian kultur adierazpide eta eragile ezberdinen arteko elkarlanean. Azken urteotan Durangoko azokaren bueltan elkarlan horren adibide praktikoa ikusten ari da, baina badira herriz herri eta arloz arlo eredugarriak diren beste ekimen, proiektu eta jarduera asko.

Aurretik beste egitasmo batzuetatik elkar ezagutu eta batera lan egiten dugun eragileak gara beraz Jalgi egitasmo honetara bildu garenak. Euskal kulturgintzarekiko kezkak eta ikuspegiak partekatzen ditugu eta gogoeta baten ondoren sortu da Jalgi. Mende honen hasieratik hainbat bilgunetan euskarazko kulturgintzak dituen gabeziei buruz iritziak trukatu ditugularik, gure kulturaren biziraupena bermatuko duten hiru lan eremutan ekarpena egitera dator Jalgi:

  • Euskal kulturarako plazak.
  • Euskal kulturaren ikusgarritasuna.
  • Euskal kulturaren transmisioa .

Euskarazko kulturaren biziraupenerako ezinbestekoak diren azken bi lan ildo horietan auzolanean sakontzeko sortu dugu plaza ibiltaria beraz.