Sorkuntzaren pasadizoak eta gabezien aterabideak. Bi planotan mugituko da Jalgi plaza ibiltaria maiatzaren 23tik 29ra. 70 kultur ekitaldi baino gehiago eta jardunaldietarako bi egun; euskal kultur sorkuntzak transmisioan eta komunikazioan gabeziak izan badituelako.
Ez da ekitaldi zerrenda huts bat izango. Maiatzaren 23tik 29ra Aiaraldea osatzen duten bederatzi herrietan egingo da Jalgi Euskal Kulturaren Plaza Ibiltaria, euskal kultur sorkuntzari parez pare begiratu eta egiten duena erakusteaz gain, dituen gabeziei aterabideak lortzen saiatuko dena. Eta minbiziak non dauden diagnostikatu du dagoeneko Jalgiko lantaldeak, Euskaltzaleen Topaguneak, Ahotseneak, Bertsozale elkarteak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (Ehaze) eta Aiaraldea Komunikazio Leihoa osatutako taldeak. Izan daiteke ahulguneetako bat hezkuntza arautuan eta ez arautuan etenik gabe eta sistematikoki sorkuntza lantzeko beharra edo ikusgarri izateko plazen falta. Baita euskal kultur sorkuntzak komunikazioan eta transmisioan dituen gabeziak ere, eta gai horietan egingo du oinarria aurtengo Jalgik. «Argi daukagu lau arazo horiek hartu eta betetzera joatea ezinezkoa dela, ez daukagu gaitasunik guk bakarrik horri ekiteko. Duela hiru urte eta erdi abiatu genuen gogoeta eta ohartu gara bi eremu horietan daudela gabezia handienak», aipatu du Gotzon Barandiaran idazle eta eragileak.
AHALEGINA
Gotzon Barandiaran: «Euskalduna kultura ingeles, frantses eta espainolaren kontsumitzaile pasiboa da, hau da, inongo ahaleginik gabe jasotzen du informazioa, baina euskal kulturaren berri jaso nahi badu, bila joan behar du».
Hain zuzen, bi egun –maiatzak 26, 27– eskainiko dizkie hitzorduak komunikazioaren eta transmisioaren bueltan ideiak jaso, mamitu, eta eztabaiden ondoren irtenbideak bilatzeari. Sektoreko profesionalek ponentzia bana egingo dute beren gogoetekin eta, lantaldeetan banatu ondoren, mahai-inguru bat egingo da ondorioak eta irtenbideak adoste aldera. Galdera biri erantzuna bilatzen saiatuko dira, hortaz: “Zein dira euskal sormen lanen berri hedatzeko zailtasunak?” eta “Nola bermatu kultur sorkuntzaren transmisioa?”. Izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 20ra bitartean –20 euro egun baterako eta 30 bi egunetarako, bazkaria barne–.
ZERRENDAZ HARAGO
70 ekitaldi baino gehiago antolatu ditu Jalgik astebeterako, eta ez dute zerrenda huts bat izatea nahi. Parte hartzaileen artean askotariko izenak daude: Jon Maia, Katixa Agirre, Ruper Ordorika, Metrokoadroka, Anari, Gorka Urbizu eta askoz gehiago. Informazio osoa Jalgika.eus webgunean.
70 ekitaldi baino gehiago
Euskal kultur sorkuntzaren behar eta gabeziei errotik heldu nahi die Jalgik eta soluzioak lortzeko bidean jaiotako ekimen kolektiboa da. Komunikazioari eta transmisioari buruz bi egunez eztabaidatuko bada ere, Jalgik maiatzaren 23tik 29ra doan astean egunero antolatu ditu ekitaldiak Aiaraldea osatzen duten bederatzi herrietan. Eta kultur eskaintza guztietan transmisioa eta komunikazioa ere presente egongo dira. Adibide gisa; «Joseba Tapiak laster aurkeztuko du liburu bat trikitixa irakasteko modu ez akademiko bati buruzkoa, eta aurrerapen gisa egingo du hitzaldi musikatu bat Aiaraldeko trikitilariekin», azaldu du Barandiaranek. Joan Mari Beltranek, esaterako, euskal folkaren munduan urteak lanean igarota, bere jakintza transmisio elementu gisa erabiliko du hitzordu honetan. Eta gehiago; Patxi Zubizarreta, Lapurdiko Elirale dantza konpainia, Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko bateria jotzailea… Ikastetxeetan ikasleekin batuko dira kultur sormenari buruz haiekin hitz egiteko. «Ez genuen ikuskizun errenkada bat egin nahi», esan du. Hala ere, orotara 73 ekitaldi, bederatzi herritan banatuta. Eta jai modura, maiatzaren 28an, larunbatarekin, Jalgi Eguna izango da; ospakizun kolektibo bat goizetik gauera adin guztiei zuzendutako eskaintzarekin. Tailerrak, emanaldiak, elkarrizketak, ikuskizunak, kontzertuak, bertso saioak… Formatu eta era desberdinetan kultur diziplina guztien adierazpideei zabaldutako leiho bat. Euskal kultur sorkuntzaren ekosistemara gerturaketa bat.