Zer egingo dugu gure kulturarekin? Jalgi plazara

Zer egingo dugu gure kulturarekin? Jalgi plazara

Taula gainera gorputz bat ateratzen duzunean politikoki zerbait esaten ari zarela irakurri diogu Lapurdiko dantzari eta koreografoari, transmisioa beraien lanaren hedapenaren funtsezko urratsa dela. Irakurri dioguna oholtzan ikusi diogu, gogoetatu duena praktikan zelan gauzatzen duten. Arteak herrigintzan ere estrategikoa izan behar duela dio artistak, artea eta aktibismoa eskutik helduta doazela. Kiroldegi batean, kulturaren ez-ohiko ez-lekuan erakutsi du astebetez zer deritzon artibismoari.

26725461474_f9b6a3bc73_o

Zinemagileak ohartarazi gaitu egungo belaunaldiak bestelako kultura bat daukala eta kulturgintzan ari garenok egokitu egin beharko dugula gure lanek hartzailerik izango badute, zinemara joateko kultura eta ohitura sortu behar dugula, euskal zinemagintzan eredu eta formatu berriak sortzen ari baitira.

Antzerkigintzan urteak daroatzan aktore eta zuzendariaren iritziz, antzerkiaren bidez jendeari komunikatzeko tresnak ematea oso garrantzitsua da, haiengana beste modu batean iristeko edo jendartean dauden gatazkez hitz egiteko bidea emateko. Teorizazio hori bigarren hezkuntzako ikasleen aurrean burututako antzezlan baten entseguaren bitartez frogatu digu.

Kulturgintza hizkuntza hegemonikoetatik kanpo zaila dela iritzi dio bertsolariak, transmisioari dagokionez barrura begira lan handia egin behar dela bertso eskoletan eta bertsolaritzaren balioak aintzatesten. Urte osoan zehar ikastetxez ikastetxe hizkuntza, hezkuntza eta sorkuntza uztartzen diharduen idazleak azpimarratu digu ahozko tradizio berri baten beharra dugula euskaldunok, eta sorkuntza imajinarioari txertatu behar diogula deritzo.

Hogei urtean euskaraz kantari ari denari ikasi diogu transmisioan, edukiak beste, euskaraz kantatzeko grina dela transmititu behar duguna, geure munduari geure mundutik begiratu behar diogula.

Ez gara gutxi, ez gara atzo hasi
Aiaraldeko bederatzi herrietako ikastetxe, euskaltegi, plaza, kultur etxe, ludoteka, museo, eleizportale eta gaztetxeetan euskal kultur sorkuntzaren historiaz, gaur egungoaz eta etorkizunaz aritu gara. Astebetez, euskal kultur sorkuntza zertan den bertatik bertara, eskuz esku, hitzetik hortzera erabili dugu kultura ikusgarri bihurtzeraino, Aiaraldeko milaka lagunentzako euskal kultur sorkuntza albiste nabarmenena bilakatzeraino. Kultur adierazpide guztietako sortzaileak jada zale direnen eta etorkizunean izan daitezkeenen parez pare jarri eta gaur eta hemen bertsolari, dantzari, aktore, idazle, musikari, pintore, eskultore edo zinemagile izatea zer den kontatu diezaguten eta balioa galtzen ari den sormenak pertsona legez zer eragin dien nabarmendu digute: malurak, ezinegonak, inpotentziak, pozak, onurak adierazteko modua, askatasuna, maitasuna ulertzeko modua, izaera kritikoa garatzeko modua, herrikideekin beste ikuspuntu bat konpartitzeko modua, aurreiritziak eraisteko bitartekoa, estandarrak inarrosteko zaplaztekoa, bizipoza eragiteko miraria, etsipenaren aurkako ukendua.

Horretaz ere aritu baikara, euskal kultur sorkuntzaz aritu garen bitartean, bizitzeko eta izateko maneraz, alegia. Ez baitugu irudikatzen guztion artean egingo dugun etorkizuneko Euskal Herria sormenik gabeko herritarrez osatua, uste baitugu kultur sorkuntza ezinbestekoa dela pertsonaren garapenean, uste baitugu kultur sorkuntzaren bitartez herriago izango garela.

Ez gara gutxi, ez gara atzo hasi. Milaka euskal herritar gara urteetan euskal kultur sorkuntzan, kultur ekitaldiak antolatzen, kultur produkzioaren berri zabaltzen, gure kultur sorkuntza transmititzen, gozatzen. Ostera, ez da nahikoa. Euskal Herrian, bere herrian, euskal kultur sorkuntza ez dago erdigunean. Ez dugu lortzen sortzen duguna ikusarazten, ez diegu datozen belaunaldiei gure sorkuntzaren historia erakusten. Zergatik ez?

Horixe izan genuen berbagai Amurrion maiatzaren 26 eta 27an komunikazioari eta transmisioari buruzko jardunaldietan. Bi egunotan, Euskal Herri osotik bildutako 30 hizlari eta beste 70 arizaletik gora bildu ginen, gure kultur sorkuntza zelan komunikatzen eta transmititzen ari garen elkarri entzuteko. Nor bere esparrutik aritu ginen, bere urteetako jardunetik, bere eguneroko izerditik, nork bere irakurketa egin zuen, proposamen eta neurri asko mahaigaineratu genituen, zeintzuk dokumentu bakarrera ekarri eta lau haizetara zabalduko ditugun. Eta oroz gain, berba bat, nahikari bat gailendu zitzaigun: Elkarlana.

Susmo horrek eraginda abiarazi dugu Jalgi, elkarlanetik, behetik, horizontalki. Eta gure asmoa, gure deia, gure gonbita egin gura dizuegu euskal kultur sorkuntzak bizi zaituzten guztioi, euskal kultura maite duzuen guztioi, bidea elkarrekin egin dezagun, datozen urteetako Jalgi ahalik eta kultur eragile gehienen artean plazaratu dezagun. Bidean elkartuko garelakoan.

Sinatzaileak: Jalgi ekimenaren antolatzaileak

  • Gotzon Barandiaran (Ahotsenea)
  • Maria Rivero (2016ko Jalgiren koordinatzailea)
  • Manuel Moreno (topagunea)
  • Jon Agirresarobe (Bertsozale Elkartea)
  • Jaime Valverde (EHAZE)
  • Gartzen Garaio (Aiaraldea Komunikazio Leihoa)

.