E
txean arnastu du umetatik bertsolaritzarako eta kanturako zaletasuna. Hitz neurtuan bat-batean aritzeaz gain, bertso jarduera hori esanahiez betetzen du, eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu egungo bertsolaritzaren bidezidorrak. Emakumea plazara eraman duen bertsolarietako bat da..
Kazetaria: Myriam Garzia
Etxean bertan jaso duzu bertsolaritza gurasoengandik, baina nola hasi zinen ofizio honetan? Bertsolari izatera derrigortuta zeunden?
Nik ez dut ofiziotzat hartzen, eta espero dut inoiz ez izatea nire ofizioa. Zaletasuna ofizio bihurtzen den momentutik, beste gauza batzuetan jausteko arriskua dagoelako. Plazeraren esparruko gauza bat da.
Egia da etxean bizi izan dudala bertsolaritza, aitarengandik jaso dut zuzenean bertsoa eta amarengandik kanturako eta kantagintzarekiko zaletasuna. Umetan ez nion aparteko garrantzitik ematen horri, baina 12 urte nituela, bertso eskola zabaldu zuten herrian, Berrizen, eta izena eman nuen. Egin esan, lagun batzuk joan zirelako joan nintzen ni. Garai hartan, beste gauza ugari egiten nuen, bertso eskolara joateaz gain: dantza, pianoa, musika, ingelesa… Baina, azkenean, beste guztia utzi eta bertsoarekin jarraitu dut. Zerbaitengatik izango da.
Hitz neurtuak badu bere lilura. Garai hartan ulertzeko gai ote zinen bertsoaren benetako dimentsioa?
Etxean bertan hain modu naturalean jaso nuenez bertsolaritza, ez nion misterio handirik ikusten. Bertso zaharrak kantatzea, errimekin gora eta behera ibiltzea… jolasa zen niretzat. Orain bai, distantzia hartuta, zuk esan bezala, hitz neurtua da, eta oso eremu murritzean sartu behar da esan nahi duzun hori. Kantatzen hasi eta 14 urterekin, eremu hori askatasun eremu bat izan zen niretzat, neurtutasun horretan askatasuna aurkitu nuen.
Asko aldatu da bertsolaritza azken urteotan ala bertsoa bertsoa da eta kito?
Bertsoaren arrakastaren arrazoietako bat hori dela uste dut, bertsoa bertsoa dela eta oso mugatua dela bere horretan. Neurri eta doinu jakin batzuen barruan sartu behar da, bai lehen zein orain. Zer aldatu den? Edukia aldatu da asko. Bertsolaritza euskara hutsez denez, lehen, landa-eremuarekin lotzen zen, haiek zirelako euskaldunenak. Baina euskarak beste espazio batzuk bereganatu ahala, hiriguneetara eta beste leku batzuetara zabaldu da. Beste profil bateko jendearengana iritsi da, eta pixkanaka diskurtsoaren aldaketa etorri da. Bertsoa bera, teknika eta kantua, ez nuke esango hainbeste aldatu denik, ematen duelako ematen duenera arte.
Argi dago azken berrogeita hamar urteotan bertso eskolek egindako lanak eman duela bere fruitua. Aspaldiko eztabaida da bertsolaria jaio egiten den ala egin egiten den. Garai batean jaio egin beharko zen, seguruenik zakilarekin eta herri txiki batean. Gaur egun, bertso eskolak hori lortu du, edozeinen esku uztea bertsolaritza, zahar, gazte, neska edo mutila. Edonorengana heltzen da eta edonoren esku utzi daiteke. Eta, ildo horretatik, nabarmenduko nuke gaur egun emakumeek plazan duten presentzia, nahiz eta oraindik gauza asko dagoen egiteko.
Aldaketa kantitatean etorri da kalitatean baino gehiago?
Ezin da konparatu kalitatean oraingo bertsolaria eta antzinakoa. Lazkao Txiki, Txirrita edota Xalbador bikainak ziren, gauza ederrak egiten zituzten, baina oraingo bertsolariek bertso luzeagoak eta errima sorta zabalagoa erabiltzen dute. Baina, hala ere, ezin konpara daiteke kalitate aldetik. Kantitate aldetik, berriz, zalantzarik ez, gorakada handia eman da. Garai batean herri girokoa zen, eta gaur egun Euskal Herriko ia edozein herritan dago bertso eskola bat.
Zein paper jokatzen du bertsolaritzak euskal kulturaren transmisioan?
Bertsolaritza euskal kulturgintzan gehien baloratzen den jardunetako bat da. Transmisioari dagokionez, batetik, barrura begira lan handia egin da bertso eskoletan, eta, bestetik, bertsolaritzaren gakoetako bat izan da beste batzuek jakin izan dutela guri transmititzen zein den horren balioa. Eta gu ere horretan ari gara gu baino gazteagoekin. Transmititzen ari garena ez da jardun soil bat, bertsoak egiteko teknika edo modu batzuk. Hori baino gehiago da, bertsoaren barruan diskurtso bat ere badagoela esaten ari garelako. Bertsolaritza garaian garaiko gizartearen ahotsaren isla da eta izan da.
“Euskaratik euskaraz. Europa Bat-batean” izeneko jardunaldietan ikusi ahal izan dugu. Kurdistan, Katalunia eta Sardiniako bertsolarien arteko jardunaldietako plus bat hori izan da, ingelesera edota gaztelaniara jo beharrik gabe aritzea, kulturgintza zaila izaten baita hizkuntza hegemonikoen zirkuituetatik kanpo gabiltzanontzat. Zaila da, baina horrek balio erantsia ematen dio.
Egun hainbat ikuskizun daude diziplinak nahasten dituztenak: bertsolaritza, literatura, musika… Hori ere ba ote da bere garaikidetasunaren ikur?
Bere xumetasunean, bertsolaritzak jakin du bere burua berrasmatzen. Ematen du muga estuetan gabiltzala, baina jakin du taberna girotik, lehengo sagardotegi girotik ateratzen, edo frontoietan egon diren saio zurrunetatik. Formatu berriak asmatu dira, musika eta literaturekin uztartuta, adibidez. Horri esker, oso bertsozalea ez den edota saio batera joango ez den jendearengana bertsolaritza gerturatzeko aukera daukazu.
Espektakulotik gehiegi du gaurko bertsolaritzak?
Espektakulo hitzari kutsu negatiboa ematen zaio beti. Jende aurrera ateratzen zaren unetik, taberna izan ala BEC izan, zentzurik onenean espektakulo bat ematen ari zara. Erdira ateratzen zara eta jendeari une on bat eskaini nahi diozu.
Zein da zure iritzia JALGI eta mota horretako ekimenen gainean?
Orain ikusi dugu hiriburuetan nola egiten diren kultur programazio erraldoiak eta halakoak, eta hori agian ona izango da kulturgintzarako. Baina JALGI bezalako ekimenak beharrezkoa dira herrietan. Herritik bertatik hazten diren eta herriko eragileekin harremanetan dauden ekimenek beste plus dute, jendearengandik hurbilago daudelako.
Esate baterako, diziplina desberdinetako sortzaileek bateragune bat izatea oso positiboa da, egunerokotasunean bakoitza gure zirkuituan eta burbuilan sartuta aritzen garelako, eta horitik irtetea oso aberasgarria da. Euskal kulturgintzak, bertsolaritzak bezala, bere burua berrasmatu beharra dauka une oro, beharbada, orain inoiz baino gehiago. Beraz, ongi etorria!