Behin baino gehiagotan entzun dut musikak arima osatzen duela, osatu aditzaren adiera guztiekin. Neure kasuan eta inguruko askorenean hala dela ez dut zalantzarik, baina baita segur aski musikarekiko interes berezirik ez duen jendearenean ere.
Musika ez da ezer, bibrazioa da: airean, uretan, gure errai eta hezurretan aske barreiatzen dena. Baina hori da agian hain ahaltsu egiten duena, ez baitzait kultur artefaktu batentzat transmisio modu eder eta eraginkorragorik bururatzen.
Gehitu ekuaziora airean zeharreko dardara horietan hitzak ere etor litezkeela, doinuez eta soinuez gain literaturak ere inbaditzen gaituela uhin erritmikoetan gordeta. Emaitza kokleatik barrena arimaraino iristen den Troiako zaldi kulturala da!
Poesia etorkizunez kargaturiko arma bada, zer ez ote da herri musika? Galdetu, bestela, publizista eta hauteskunde kanpainetako arduradunei.
Agian abesti batek inorengan izan dezakeen eragina puzten ari naiz, baina, transmisioaz eta komunikazioaz ari garela, iruditzen zait ez diegula geure doinuei merezi duten garrantzia eta lekua ematen, eta zentzuzkoa dirudi herri batek bere musika eta musikariak ondo zaintzea.