IRANTZU LEKUE: “Arteak estrategikoa izan behar du, baita herrigintzan ere”

IRANTZU LEKUE: “Arteak estrategikoa izan behar du, baita herrigintzan ere”

A

rtea eta aktibismoa eskutik helduta doazela iruditzen zaio Irantzu Lekueri. Hala erakutsi du, behintzat, bere azken instalazio artistikoetan, bideo-lanetan, margolanetan eta eskulturetan. Bere jaioterrian, Gasteizen, dagoeneko ezagunak dira kalean egiten dituen arte ekintzak. JALGIra datorkigu bere azken sormen lanak erakustera. .

Kazetaria: Myriam Garzia

 

Irantzu Lekue./ alea.eus

Irantzu Lekue./ alea.eus

Artea eta aktibismoa. Arteak esanahi berezia izan behar du? Egia esan behar du?

Arteak beti zerbaiti buruz berba egiten du, zer edo zer transmititzen du edo transmititu behar du. Batzuetan, ikusten dena aztertzera mugatzen da, eta beste batzuetan, gertatzen denari buruzko aldarrikapen artistikoak egiten ditu; baina zerbait transmititu behar du derrigor. Artea izango bada, mezu bat zabaldu beharko du, edo ezkutatu bestela, arte erabiltzaileak bere kabuz pentsatu eta ondorioak atera ditzan.

Erabiltzailearen pentsamendu kritikoa esnaraztea da nire artelanen helburua, bai eta jendartean dauden bidegabekeriak salatzea ere.

Garai ezberdinak izan ditut. Lehen, barne kontuen inguruan hausnartzen nuen gehiago: heriotza, barne sufrimenduak… Anjel Lertxundik “Zorion Perfektua” liburuan aipatzen duen bezala, “garaiz esaten ez diren egiak zure kontra bihurtzen dira”.
Esanahiak aldakorrak dira, lan motaren eta gaiaren araberakoak: emakumearen egoera, ingurumena, bidegabekeriak, pertsonaren barne-hausnarketak….

Egia esatea funtsezkoa da artean, eta bizitzan ere bai, noski. Baina bakoitzak nolako esperientzia izan duen edo non hazi den, egiak, esperientziak, errealitateak desberdinak dira. Ni hori islatzen saiatzen naiz. Norberaren iritziak edo hausnarketak irudikatzea da artearen betebeharrik garrantzitsuena.

Gasteiz hiri berdea baino hiri grisa dela aipatu duzu, kolore gutxi dagoela erakundeetan… Hala gertatzen da baita hiritarren artean ere?

Uste dut gauzak aldatzen hasi direla, herriak lanaren eta borroken bidez aldatu dituelako, aldatzen dituelako; finean, aldakorrak direlako eta gure esku dagoelako.

Gasteizen egin ditudan ekimenak kontzientziak astintzeko egin ditut. Nire esku zegoena egitea erabaki nuen, arteak herri borrokei egiten zien ekarpena txikia zelako Gasteizen. Arteak estrategikoa izan behar du herrigintzan ere bai.

Bestelako herri librea aldarrikatzea ondo dago, baina bada garaia artea estrategia horretan sartzeko. Ez dut herri mugimendua inondik inora kritikatu nahi; alderantziz, arteak herri borroketan presente egon behar duela aldarrikatzen dut.

Eta ereindako haziak nolabait hazi direla esan dezakegu. Begiratu bestela Errekaleorreko kultur egitasmoari, Gasteizen azkenaldian abian jarri diren kultur ekimenei edo baita Orbain kultur elkartearen edo antzeko hausnarketa taldeei ere.

Ez da bestelako mundurik arterik gabe, eta horregatik burutu nituen KREAko okupazio artistikoa edota 6000zpt. Arteak leihoak zabaldu eta gela itxietan haize berria sarrarazi behar duelako, hautsak harrotuko baditu ere.
Egia da espektakuluaren gizartea dela nagusi eta sorkuntza alde batera utzi dela hezkuntzan. Instituzioek bestelako kultur ekimenak lantzeko asmoak azaldu dituzte, baina artiston artean azkenaldian hain modan dagoen artista-eskale kontzeptu metaforikoarekin ez nator bat. Eskatu, eskatu eta eskatu ibili beharrean, askoz eraikitzaileagoa da egin, egin eta egin ibiltzea. Hori baita artiston duintasuna eskuratzeko bide bakarra.

Bere burua eskale moduan aurkezten duenari, gehienez, limosna emango diote.
Duintasuna gauzak eginez lortzen badugu, beste modu batera tratatuko dituzte erakunde publikoek artea eta kultura. Ez dute beste aukerarik izango.

Politika (eta ez naiz ari administrazioaz) eta artea eskutik joan behar dute? Zer gertatzen da artea merkantilismoak jaten duenean?

Artea eta politika eskutik doaz. Zer ez da politika? Fereka politika da, gauzei aurre egiteko hautatzen dugun era politika da, gure ondokoak tratatzeko modua politika da. Nik horrela ulertzen dut bizitza eta, ahal dudan moduan, koherentea izaten saiatzen naiz.

Etengabeko (des)orekan. Nik, behintzat, beti-beti koherenteak diren horiek ez ditut inguruan nahi, nik bihotzari garrantzia ematen diodalako. Gainera, hasieratik gezurretan ari dira, ezinezkoa delako beti hain koherenteak izatea.

Merkantilismoak, merkatuak, bere bidea egin du eta aurrera jarraituko du. Nire koherentziaren desorekaren itsasoan barna, olatuen artean dantzan jarraituko dut, nire lanetik biziz eta niretzako aparteko garrantzia duten erronketan parte hartuz.

Zein garrantzi du zuretzat zure sorkuntza lanaren transmisioak eta komunikazioak?

Mezua sortzen baduzu, baina ez bazaio inori iristen, mezua galtzen da. Nik garrantzi bera ematen diot mezua sortzeari eta zabaltzeari. Nire artelanen mezua batzuetan norabait iristen da eta beste batzuetan, ez. Gauzak ulertzeko borondatea ere izan behar dugu.

Askotan, ikusleak nire lanetan buruan erabili ez ditudan gauzak ikusten dituela gertatzen da. Eta hori da politena, guztion artean ikasten dugulako, guztion artean hausnarketa kolektiboa abian jartzen dugulako.

Instalazioak, bideo-artea, margolanak eta eskulturak dira zure lan garrantzitsuenak. Zer duzu orain esku artean? Zer erakutsiko duzu Aiaraldean?

Hainbat proiektu ditut esku artean. Alde batetik, Europako kulturak aztertzen dituen proiektu bat. DSS2016k babestutako proiektu bat da, eta bideen metafora bat sortu nahi dut, Joseba Sarrionaindiaren olerki batetik abiatuz. Bestetik, Siriako errefuxiatuen egoera aztertzen duen lan bat garatzen nabil. Bi gai hauen hausnarketa kontzeptuala aurkeztuko dut Aiaraldean.

Zein iritzi duzu Jalgi euskal kulturaren plaza ibiltariari eta horrelako ekimenei buruz?

Oso garrantzitsuak direla uste dut. Artea plazaratu egin behar da, pertsona guztiengana ailegatzeko, eta sortzaileak eta arte erabiltzaileak saretzeko. Artea eta kulturaren euskal komunitate 2.0a munduak ematen dituen hamaika aukera eta tresnarekin sortzeko dago, sortzeko daukagu.

Asko dugu egiteko eta horregatik iruditzen zait horrelako ekimenak bikainak direla. Euskal kultur komunitatea biltzen laguntzen dutelako, eta, ekimen publikoa denez, herritarrak edo arte erabiltzaileak parte hartzera gonbidatzen dituelako.

Hiriburutik atera beharra dago arte garaikidea eta herrietara eraman? Ez da oso ohikoa…

Ez da oso ohikoa, ez. Bazen arabiar atsotitz bat zera zioena: “arazoa sortu duen buruak ezin izango du arazoa konpondu”. Burua esaten duen lekuan jarri “errealitatea”. Honekin zera esan nahi dut, artea esparru oso zehatzetan garatu eta kontzentratu dela da gure arazoetako bat. Eta hori ondo dago, artearen arnasgune direla esan dezakegu, baina ez dira nahikoak.

Gehiago behar ditugu. Horregatik oso interesgarria iruditzen zait Jalgi Aiaraldean antolatu izana. Arabako Ezkerraldea da Aiaraldea, gune zeharo industriala, langabezia daturik okerrenak dituena. Orain, gainera, Amurriko Tubos Reunidos ataka larrian dago. Gune ezin hobea da beste mundu bat hitzetatik ekintzetara eramateko. Probatzeko, hanka sartzeko. Asko eskertzen diet nirekin kontatu izana.