Euskal sorkuntza eta transmisioaren inguruko jardunaldietan parte hartzeko aukera zabalik

Euskal sorkuntza eta transmisioaren inguruko jardunaldietan parte hartzeko aukera zabalik

Gure sormen lanak hedatzeko eta transmititzeko ezintasunak gainez egin digu? Euskal herritarrok jasotzen ote dugu gure kultur sorkuntzaren berri? Zein gabezia ditugu sormen lanak nahi genukeen eran hedatzeko? Iristen gara euskaldunengana? Zer egin genezake gure kultur sorkuntzaren transmisioa bermatzeko? Noren ardura dira komunikazioa eta transmisioa, soilik komunikabide eta hezkuntzako arduradunena?”. Hamaika dira Jalgi ekimenean batu diren eragileek euren buruari egiten dizkioten galderak, eta erantzunak bilatzeko bidea ere urratzen hastea proposatzen dute. Hartara Bertsozale elkarteak, Euskaltzaleen Topaguneak, EHAZEk, Ahotseneak, Jakinek, Hik Hasik, Sortzen Ikasbatuazek eta Aiaraldea komunikazio leihoak Jalgi ekimenaren bizkar-hezurra izango diren “Euskal kultur sorkuntzaren transmisio eta komunikazio Jardunaldiak” antolatu dituzte Amurrion.

maiatzak 26

Bi egunez, mahai-gaineratutako galdera hauei guztiei erantzun komunak bilatzeari ekingo diote maiatzaren 26 eta 27an. Horretarako ahal beste pertsona eta eragileren iritziak bildu nahi dituzte Amurrioko Reforren, zer eta irakurketa konpartitu bat ateratzeko.
Jardunaldiak bi egunetan egituratuko dira, maiatzaren 26an euskal kultur sorkuntzaren komunikazioa izango dute hizpide, eta euskal esparru komunikatiboko hamabi lagunek beste horrenbeste ponentzia aurkeztuko dituzte hamar minutuko txandetan. Atsedenaren ostean ponentzietako edukietan sakontzeko parada izango dute bertaratutakoek, lantalde txikietan bilduta. Bazkalostean ekingo diote berriz ere hausnarketari, “Zein dira euskal sormen lanen berri hedatzeko zailtasunak” izenburupean mahai ingurura batuko baitira Estitxu Garai, Leire Palacios, Lander Garro, Gaizka Aranguren eta Josu Amezaga.
Biharamunean transmisioa izango dute gai nagusi, eta metodologia berdinarekin aurkeztuko dira ponentziak mahai-inguruari bide emateko arratsaldean. Kasu honetan, “Nola bermatu euskal kulturaren transmisioa” galderaren bueltan batuko diren hizlariak Andoni Tolosa, Oier Araolaza, Lorea Agirre, Ohiane Perea eta Idurre Alonso izango dira.

maiatzak 27

Amurriotik harago
Jardunaldiotako emaitza eta edukiak baina, ez dira Amurrion geratuko. Ekimenaren antolatzaileek urte osoan zehar landu nahi dituzte bertan jasotako ondorioak, JALGIren hurrengo ediziora bitartean jorratu nahi baitituzte, harik eta euskal kultur sorkuntzaren komunikazioa eta transmisioa bermatuko duten neurriak adostu eta gauzatu arte.

Izen ematea
Amurrion egingo diren jardunaldi hauetan parte hartzeko izen-ematea zabalik egongo da maiatzaren 24ra bitartean. www.jalgika.eus/jardunaldiak helbidean. Egun bakarrean parte hartzeko interesa dutenek 20 euroko matrikula ordaindu beharko dute (bazkaria barne), eta bi egunetan parte hartu nahi dutenek aldiz 30 euro (bi otorduak barne). Antolatzaileek nabarmendu nahi izan dute izen-emate kopurua mugatua dela.

Jardunaldiak streaming bidez
Maiatzaren 26 eta 27ko jardunaldietan aurkeztuko diren ponentziak eta mahai-inguruak streaming bidez jarraitu ahal izango dira www.jalgika.eus web-gunean.