Aurkezpen ekitaldiaren kronika

Aurkezpen ekitaldiaren kronika

(Egilea: Aiaraldea Komunikazio Leihoa)

Arratsaldeko 18:00etan ekin diote Jalgi egitasmoaren egitaraua aurkezteari Laudioko Lamuza pilotaleku esanguratsuan. Ekimenerako propio egindako abestiak girotu du ekitaldia eta Manuel Moreno (Topagunea), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea) eta Maria Rivero koordinatzaileek hartu dute hitza antolatzaileen izenean. Natxo Urkixo Laudioko alkatea eta Ander Añibarro Aiarako Koadrillako presidentea ere mintzatu dira.

2015_Aiaraldea_jalgiren aurkezpena

Guztiek goraipatu dute euskal kultur eragileen, euskalgintzaren eta euskararen transmisioaren garrantzia. Izan ere, horiek eta euskal kulturari ikusgarritasuna emateko beharra izango dira Jalgiren ardatzak.

Gorka Urbizu, Anari, Porrotx eta Miren Amuriza ekarriko ditu Jalgik Aiaraldera, besteak beste

Egitarauari dagokionez, maiatzaren 23tik 29ra 70 jarduera gauzatuko dituzte Aiaraldeako 9 herrietan. Horretarako, hainbat diziplina uztartuko dituzte; musika, arte plastikoak, antzerkia, bertsolaritza eta dantza, besteak beste.

Izen handiko Anari, Miren Amuriza, Gorka Urbizu, Porrotx, Joseba Tapia, Agurtzane Intxaurraga, Iratxe Fresneda, Xabi Solano, Hesian, Katixa Agirre, Andoni Egaña, Galder Izagirre edota Jon Maia arituko dira programatutako jarduera horietan, bai eta bidea jorratzen ari diren beste asko ere. Guztira astebetean 65 kultur jarduera programauko dira tokiko eta Euskal Herriko sortzaileenn eskutik. Kultur jarduera guzti hauen berri zehatza jalgika.eus web-atarian jaso dute, eta PDF honetan ere topa daitezke.

Emanaldi asko ikastetxetan egingo dituzte, baina kulturari ireki nahi dizkioten plazak oso bestelakoak izango dira: kaleko espazioak, Amurrio Antzokia, Alondegia, Gizarte Etxea, kultur etxeak, Donibane Aretoa, euskaltegiak, katekesi aretoa, gaztetxeak, kaleak…

Babes handia

Aurkezpen ekitaldian inplikazio handia eta sakona sumatu da; dozenaka herritar ez ezik, eskualdeko zein kanpoko sortzaile eta ordezkari politikoak bertaratu baitira.

Horrela, publikoaren artean Esti Urresola zinemagilea, Eneritz Artetxe, Ane Urkiola, Agurtzane Intxaurraga antzerki zuzendaria, Gorka Belasko marrazkilaria eta Mikel Uraken musikaria egon dira,  oholtzan Mikel Ayllon, Igor Arzuaga eta Uluka aritzen ziren bitartean.

Babes politikoa ere zabala izan da, Itziar Duoandikoetxea Arrankudiaga-Zolloko alkatea, Iñigo Gomez Artziniegako alkatea, Jabi Asurmendi Arakaldoko alkatea eta EAJ zein EH Bilduko Laudioko (Amets Meaza, Maider Basterra), Amurrioko (Txerra Molinuevo), Aiarako (Iñigo Pinedo) eta Artziniegako zinegotziak (Inma Vivanco) batu dira. Horrez gain, Orozko Udaleko kultur zinegotzia Begoñe Olabarriak ere bat egin du ekimenaren aurkezpenarekin.