ANE URKIOLA: “Jende berria sartzen ari da euskal zinemagintzan, eta egungo belaunaldiak beste kultura bat dauka”

ANE URKIOLA: “Jende berria sartzen ari da euskal zinemagintzan, eta egungo belaunaldiak beste kultura bat dauka”

B

Bingo da zuzendu duen lehenengo film laburra, baina esperientzia handia du Ane Urkiolak zinemagintzan eta ikus-entzunezkoetan. Gaztea bada ere, ondo daki zeintzuk diren euskal zinemagintzaren ajeak. JALGIra datorkigu zinemaz hitz egitera eta bere zinema erakustera.

Kazetaria: Myriam Garzia

2016-02-2016. Eibar. Ane Urkiola, zinemagile gaztea. 22-02-2016. Eibar. Ane Urkiola, joven cineasta.

2016-02-2016. Eibar. Ane Urkiola, zinemagile gaztea.
22-02-2016. Eibar. Ane Urkiola, joven cineasta.

Nola sortu zen Bingo film laburra egiteko aukera?

Jose Mari Goenaga eta Jorge Gilen beldurrezko zinemagintzari buruzko masterclass batean egon nintzen, eta haiek bultzatu ninduten pelikula egitera. Ideia eta gidoia aspalditik nituen tiradera batean gordeta, eta aukera aprobetxatu nuen filma egiteko. Bingo 2014ko uztailean filmatu bagenuen ere, orain ari gara egindako lanaren emaitza ikusten.

Bingo da zuzendu duzun lehen filma, baina eskarmentu handia duzu ikus-entzunezkoen munduan.

Zuzendu dudan lehen filma da, bai, baina ekoizle-lanetan aritu izan naiz aurretik. Bartzelonan ikasten ari nintzela, zenbait filmetan ekoizle eta ekoizle laguntzaile lanak egin nituen. Pikadero filmean ere ekoizle arduradun eta ekoizle laguntzaile izan nintzen, eta, horrez gain, zenbait publizitate spoten ekoizle ere izan naiz. Baina nik sortzaile izan nahi nuen, ekoizle lana itzalekoa delako. Idaztea ere gustatzen zait. Istorio bat kontatu, pelikula bat idatzi eta zuzendu egin nahi nuen, hori baita nire pasioa.

Bingo egin ahal izateko finantzazio kolektibora jo behar izan duzu, crowdfuding kanpaina baten bidez. Hori al da zinema egiteko bideetako bat? Zein paper jokatu beharko luke administrazioak euskal zinemagintzaren sustapenean?

Argi dago administrazioarekin handicap handia dagoela. Diru-laguntzak egon badaude, baina izena eta ibilbide jakin bat behar duzu laguntza horiek eskuratu ahal izateko. Filma egin ondoren, ekoizpenerako diru-laguntza lortu genuen, baina hasieran ez genuen laguntzarik izan.

Interneten eta sare sozialen bidez jarri genuen abian Crowdfunding kanpaina, osagarri ekonomiko modura. Eta, egia esan, oso ondo joan zen, bi astetan aurrekontuaren % 80 lortu baikenuen. Baina horrek jendearekin konpromiso bat hartzera behatzen zaitu, azken finean, herriaren diruarekin ari baitzara. Horrelako kanpaina bat osagarria izan daiteke, baina benetako pisua erakundeek izan behar dute. Azkenean, zure poltsikotik ateratzen da dirua, eta orain ari gara, urtebete igaro ondoren, inbertitutako diru guztia berreskuratzen.

Euskal zinemagintzaren azterketa eginez gero, zein da zure diagnostikoa?

Gaur egun, gauzek hobera egin dute euskal zineman, eta hasi gara martxa hartzen. Aspaldi zinema egon bazegoen, baina baskoa zen, erdaraz. Gero, Eutsi, Kutsidazu bidea, Ixabel, Aupa Etxebeste… etorri ziren. Horien ostean, hutsune bat egon da, eta orain indartsu gabiltza berriro. Loreak, Amama, PIkadero, Igelak eta besteei esker, industria bat sortzen ari da. Film hauek, adibidez, Euskal Herritik kanpo ere izan dute oihartzuna, nazioartean jasotako sariei esker.

Gainera, jende berria sartzen ari da euskal zinemagintzan, ikasketak bertan egin dituzten profesionalak. Gaur egungo belaunaldiak beste kultura bat dauka. Egoera hobetu bada ere, euskal zinemak hainbat behar ditu oraindik: ETBren inplikazioa eta bultzada behar da, eta erakundeen laguntza ekonomikoa, baita zabalkunderako ere.

Sorkuntza krisirik ez dago, profesional onak badira; baliabideak, aldiz, eskasak?

Ideiak ez dira falta, baina horiek burutzeko baliabiderik ez dago. Horren ondorioz, gure zinema nahiko prekarioa da, lan-baldintzak ez dira onak. Gure film laburretan lan egin duten hainbatek eta hainbatek ez dute sosarik ikusi. Lan itzela da filma egitea, bilerak, ordu mordoa… jendea ez da ohartzen atzean dagoen lan guztiaz. Oso esperientzia polita da, azkenean, zure lankideak zure familia bihurtzen baitira, elkarrekin bizitako esperientziei esker. Baina atzean lan eskerga dago.

Eta publikoa?

Zinemara joateko kultura eta ohitura sortu behar dugu. Izan ere, euskal zinemagintzan eredu eta formatu berriak sortzen ari dira, Pikadero filma horren adibide, orain arte genero hori euskaraz ez baitugu inoiz ikusi. Amamaren poetikotasuna, Igelak ere beste genero berezi bat da… Loreak izan da mugarria, publikoaren aldetik ere bai, jendea hasi baita hemengo zinea baloratzen eta zinemara joaten.

Italiara zoazte Bingo erakustera, bertako zinema jaialdi batean aukeratu baitute.

Nazioarteko Salento Finidus Terrae jaialdian izango gara uztailean, eta oso pozik gaude. Prozesua gogorra izan zenez, orduko sufrimenduak ahazten lagundu digu. Kanpoan ere jendeak filma gustuko duela erakutsi digu honek, eta egindako lanaren aitorpena da guretzat.

Hizkuntza, euskara, ez da muga, beraz?

Filmak ez du hitz askorik. Une bakoitzean behar-beharrezkoak zirenak besterik ez nituen erabili nahi. Zinemaren narratiba da hori, irudia, koloreak… aktoreek ez lukete hitz egin behar, zinemak baizik. Gainera, filmeko protagonistak italiarrak dira, beraz, Italian barregarria izango da aktoreak italiera lardaskatzen ikustea.

Zein da zure iritzia JALGI eta horrelako ekimen gainean?

Halako gauzak egitea oso garrantzitsua iruditzen zait. Sortzaileoi gure lana erakusteko aukera ematen digulako, baina baita kultura jendearengana eramateko balio duelako ere. Horrela, kultura ez da eliteen gauza bat izango eta parte-hartzea bultzatuko dugu. Jendea kulturara eta zinemara erakartzeko akuilu bikaina da.