Andoni Egaña eta Yolanda Arrieta birritan ikusteko aukera emango du Jalgik gaur, besteak beste

Andoni Egaña eta Yolanda Arrieta birritan ikusteko aukera emango du Jalgik gaur, besteak beste

Atzo, lehenengo egunean, egitarau oparoa eskaini bazuen Jalgi egitasmoak, gaurkoan ekintza gehiago gauzatuko du plazaratzeko euskal kultura Aiaraldean.
Izan ere, astearteak bi protagonista izango ditu; Andoni Egaña eta Yolanda Arrieta.

Andoni Egaña Amurrion

Bertsolariak bi emanaldi izango ditu eta biak Amurrion. Lehenengoa 10:20an aurreikusi dute Bertsolaritza Ikastetxean eta Asier Rubio luiaondoarrarekin ekingo dio saioari.
Bigarren hitzorduak Juan de Urrutia Plaza girotuko du 19:00etatik aurrera. Bertan “Garai hura gara” lana jorratuko du Xabier Lizaso musikariaren eskutik. Horrela, bertsoa eta pianoa uztartuko dituzte.

https://www.youtube.com/watch?v=MtBB7GHNd6k

Yolanda Arrieta eta ipuinen xarma

Yolanda Arrieta idazleak gaurko egunari hasiera emango dio Arrankudiagako eskolan ipuin kontaketa eskainita. Bukatu bezain laster, Arrietak eskualdea gurutzatu eta Aiarara joko du, Etxaurren Ikastolara, hain zuzen. Bertan ere ipuinek gelak hartuko dituzte.

Kidam Magoa

Dena den, horiek ez ezik, Kidam Magoak ere emanaldi bikoitza gauzatuko du; Artziniegako Eskolan arituko da 11:00etan eta Amurrioko Katekesi Aretoan 17:30ean.

https://www.youtube.com/watch?v=6acwyUfz2m8

Dantza tailerrak

Gorputza musikaren doinuaz mugitzeko bi aukera emango ditu Jalgik;10:30ean Amurrioko AEK-ko euskaltegian Korrotik Pikutara taldeak dantza tailerra abiatuko du eta 17:00etan proposamen bera egingo du Aikok Etxaurren Ikastolan.

Musika, hip hopa eta soinu tresna tradizionalak

Euskal kulturaren aniztasuna islatuko dute gaur Aiaraldean. Izan ere, 14:00etan Endika Albellak 121 Krew-ko taldekideak hip hop tailerra egingo du Laudioko BHI Institutuan.
Okondon 17:00etan helduko da Hala Dzipo eskolaren “Abeltxuriak” kontzertu didaktikoaren txanda eta 19:00etan Juan Mari Beltranek eta Fita Fik taldeko bi kidek euskal tresna tradizionalen soinuaz zipriztinduko dute Luiaondoko Ludoteka.

Antzerkia

Poltsiko antzerkiaren kontzeptua ezagutzeko parada bikaina emango du Nomofobika taldeak gaur 18:00etan Laudion, Basalarrina elkarteko egoitzan, alegia. “Sarean kateaturik” lana plazaratuko du.

https://www.youtube.com/watch?v=cR3YT6hh8lo

Zinema

7. arteak ere bere ekarpena egingo du bi emanaldiren bidez. Ordu berean gauzatuko dituzte biak, 19:00etan. Urduñako Alondegian 7 film labur emango dituzte eta Orozkoko Donibane Aretoan Xalbador, izena eta izana filmaren proiekzioa egingo dute.

https://vimeo.com/111619177