YOLANDA ARRIETA: “Ahozko tradizio berri baten premia dago”

YOLANDA ARRIETA: “Ahozko tradizio berri baten premia dago”

a

rgiaren Alaba liburuari esker, Euskadi saria irabazi zuen Yolanda Arrietak, 2015ean. Saria urte askotako lanaren aitorpena dela iruditzen zaio idazleari, izan ere, antzerkia eta helduentzako zein gazteentzako literatura idatzi du, guraso, ikasle eta irakasleentzako tailerrak zuzendu ditu eta antropologia lanak egin ditu euskararen ahozko tradizioaren inguruan. Arrieta ez da geldi geratzen den horietakoa. Berak azaldu digu bere lanak, oinarrian, hiru zutabe dituela: hizkuntza, hezkuntza eta sorkuntza.

Kazetaria: Myriam Garzia

Nola hartu duzu 2015eko Euskadi saria?

Nik sariak beti pozik hartzen ditut. Batez ere, aurretik lan asko egin dudanean. Aitorpena direla iruditzen zait. Izan ere, hasiera batean, Argiaren Alaba autoeditatu egin behar izan nuen. Autoedizioan Markinako udalaren laguntza jaso banuen ere, liburua nik egindako lanei esker argitaratu zen, argi bainuen liburuak argia ikusi behar zuela. Beraz, nik egindako lanaren aitorpena da batetik, eta, bestetik, sariak bide asko zabaltzeko balio du. Hari esker, adibidez, Denon Artean argitaletxeak liburua argitaratu zuen, azal gogorrarekin, argitalpen txukun batean. Orain, gaztelerazko itzulpenean lanean ari da Fernando Rey, eta udazkenerako prest egotea espero dugu. Saria oparia izan da, bai eta aukera bat ere, eta nik aprobetxatu egin dut. Pozik nago, niretzat garrantzitsuena sormena delako, bidea bera. Horrek betetzen nau. Baina bidea gogorra izan da.

Antzerkia, heldu zein gazteentzako literatura, ikasleentzako tailerrak, antropologia lanak… ez zara geldi geratzen diren horietakoa!

Nire barruko etxeak hiru zutabe ditu: hizkuntza, hezkuntza eta sorkuntza. Hiru zutabe horien artean mugitzen naiz beti. Hizkuntza euskara dut, hezkuntza ez formala da beti, eta sorkuntza nik bakarrik egiten badut ere, sorrarazi egiten diet besteei, idazketa tailerren bidez.
Antropologia lanak euskararen transmisioaren ingurukoak idatzi ditut, hori ere hizkuntzaren zutabetik. Ni Lea Artibai eskualdekoa naiz, eta etxean bertan euskarazko ahozkotasunaren transmisioa jaso dut. Kontatu, kantatu egin dut… Idaztea azken finean, hitzen bidez gauzak kontatzea baita.
Nire adinagatik izango da, beharbada, baina tradizio berri baten premia dagoela iruditzen zait, ahozkotasunaren inguruan batez ere, euskara niretzat ez baita arrazoiaren bidez hitz egiteko hizkuntza soila. Arrazoiaren bidez komunikatzeko balio du hizkuntzak, baina, aldi berean, zentzumenen bidez eta maila afektiboan ere hitz egiteko tresna da. Barruan daramadan ahozkotasunaren bidez eraikitako biltegiari lotuta ikusten dut euskara. Irudiak, metaforak, hitzen musika, doinua, usaina… azken finean, alor afektibo sentsoriala. Uste dut, hori guztia galtzen ari garela. Gaur egun, paperean egiten den hizkuntzak du garrantzia, eta, nik, aldiz, aipatu dudan beste alor horretan ikusten dut sormenaren altxorra, bere zentzu normalean. Afektuetatik gauzak kontatzeko beste era bat da. Euskara eta hezkuntza lotuta daude transmisioaren bidean, eta sorkuntza imajinarioari txertatu beharra zaio.

Eskolaz eskola zabiltza ume eta gaztetxoentzako literatura tailerrak egiten. Zein da zure lanaren transmisiori eta komunikazioari ematen diozun garrantzia?

Liburua, produktu bat den heinean, baliagarria da helduentzat, baina umeen kasuan garrantzitsua da bitartekari on bat izatea. Irakaslea, liburuzaina edota gurasoak izan daitezke liburu baten atzean zer dagoen azaltzeko eta umeari liburua helarazteko ardura hartuko dutenak. Hitz idatziak hausnarketa lana eskatzen du, pentsatzea, beste baten lekuan jartzea… Gaur egungo kontsumo bizkorrak, ordea, atzean uzten du liburua.
Nik ez dut ikusten beste modurik, maletan liburuak hartu eta horri bizia ematea baino. Peter Pan handia banintz bezala, bitartekari lana betetzen dut, figura hori, inoiz baino gehiago, beharrezkoa baita. Gainera, liburu asko eta askotarikoak daude. Beti jotzen dugu narrazio luzera, baina poesia ere hor dago eta umeek gustuko dute. Eta ez soilik hitzen bidez, ilustrazioen edota irudien bidez ere hel zaitezke hizkuntzaren alde afektibo sentsorial horretara. Batez ere hizkuntzaren alor komunikatiboaren izenean, eremu arrazionala lantzen delako. Baina, hizkuntza ez dira soilik aditzak eta deklinabideak.

Nola egiten duzu liburua umeei helarazteko?

Literatura tailerretan, esate baterako, musika erabiltzen dut, eta hori harridura sortzen du umeengan. Espero ez dutenez, haien arreta nireganatzen dut. Umeen harridura eta arreta piztea erronka bat da niretzat. Gelan, lehenik eta behin, “etxea” egiten dut. Antzerkian ikasi nuen hori, gauzak gustura egiten direnean ikastea errazagoa delako. Ez dut beti lortzen, baina lortzen dudanean, segundo batzuetan sikiera, euskarazko oroitzapen goxoak sorrarazi ditudala pentsatzen dut. Eta, batzuetan, segundo batzuk nahikoak dira, gaizki baldin bazaude, zerbaiti heltzeko. Arreta piztu beharra dago, aktibatu.

Umeek eta gaztetxoak naturalki hartzen dute euskal kultura eta literatura?

Aurreiritzirik ez dute, baina ezta ezagutzarik ere. Askotan, irakasleek beraiek ere ez dituzte euskal idazleak ezagutzen, edo ez dute Idazleen Elkartea, Galtzagorri eta halako ekimenen berri. Ezta liburuak esku artean ibiltzeko ohiturarik ere. Liburuak ez du balore sozialik, eta umeak oso mitomanoak dira. Ni ez naiz oso mitozalea, harridura faltsua sortzen duelako.
Ezagutza eta transmisioan atzera goaz. Hor zerbait aktibatu beharra daukagu, bitartekaritza lana falta da. Nik eragin nahi dudana zera da, beraiek ere, egunen batean, idazle eta sortzaile izan daitezkeela pentsatzea.

Zein da zure iritzia JALGI eta halako ekimenen inguruan? Euskal kultur komunitatea, bai zaletuak zein sortzaileak biltzeko balio du?

Ideia ona da, bikaina. Eta premiazkoa. Gurea inurri lana da eta neketsua. Eskualde batzuetara euskal kultura zabaltzeko plana den heinean, indartu, babestu eta mimatu beharrekoa da. Goitik bultzatzeko, behetik parte hartzeko eta alboetatik elkarren berri izateko.