ISMAEL MANTEROLA, iritzia: Ikusgarritasunak irentsia

ISMAEL MANTEROLA, iritzia: Ikusgarritasunak irentsia

Kulturaren beste edozein arlotan bezalaxe, itxuraz artearen ikusgarritasuna handia da, belaunaldiz belaunaldi transmititu izan da eta komunikatzeko erraztasun handia dago, batez ere berehalako komunikazioaren gaitasuna duelako.
Hala ere, sarritan artearen ikusgarritasun gehiegizkoak arloaren arazoak ezkutatzen dituela ematen du. Komunikabidetan arteari buruz hitz egiten denean, alderdi batzuek azpimarratzeko besterik ez da egiten, eguneroko artearen desorekak ezkutatu arte. Egoera deformatu horrek, artearen transmisioan eragin handia du, jende askok pentsatzen baitu, artea ez dela ikasten den zerbait eta ikuskizunen alorreko azalkeriara mugatutako esparrua dela. Aitzitik, beste askok uste dute merkatuak irentsitako sistema besterik ez dela. Beraz, ez da erraza izaten aurreko belaunaldikoen irakaspenak hurrengoetara transmititzea, nahiz eta Euskal Herrian, bere txikitasunagatik edo tradizioak utzitako arrastoengatik hainbat balore gazteengana iristen diren.
Azkenik komunikazio arazoak ere, eguneroko artearen esparrutik eta hain ikusgarriak ez diren ekimenetatik datoz.
Horren aurrean, gogoratu behar da artea egunero egiten dela eta artista asko daudela gure inguruan, nahiz eta ez izan komunikabideetan azaltzen direnen antzekoak, eta gainera, gizarteko beste sektoretako profesional batzuetan geratzen den bezala, egoera prekarioan daude. Azken finean, artea gizartean gertatzen denaren isla besterik ez da, edo gizartean gertatzen ari denaren bozgorailu efektua egiten duen sistema.